XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Entzun niri (dio Filokle estimatu eta bere estima jaso nahi duen batek).

Ezin da egon benetako merezimendurik edo baliorik; ezer estimagarria edo maitagarria, gorrotagarria edo lotsagarria.

Dena iritzia da.

Iritziak sortzen du edertasuna eta desegiten du.

Gauzen dohaina edo dohain falta, begiramena eta bere aurkakoa, maitagarria eta ez maitagarria, hobena, bertutea, ohorea, lotsa, guztia iritzian oinarritzen da, besterik ez.

Iritzizkoak dira legea eta neurria.

Iritziaren arau bakarra halabehar hutsa da; horrekin aldatzen da, ohiturak aldatzen diren bezala; eta modaren poderioz, eta heziketaren eragin estimatuagatik, baliagarria gertatzen da orain gauza bat edo gero bestea pentsatzea.

Zer esango diogu honi?

Nola jabearaziko dugu bere zentzugabekeriaz eta xelebrekeriaz?

Amore emango al du berehala?

Aterako al diogu lotsa, lotsarik ezagutzen ez duen bati?

Iseka egingo digu eta oihukatuko du: irrigarria!

Baina zer eskubiderekin? Zeren izenean?

Orduan, ni Filokle banintz, nire burua defendatuko nuke.

Ni al naiz irrigarri?

Zer dela eta?

Zer da irrigarria?

Dena, ala ezer ez?

Benetan irrigarria!

Baina zerbait, orduan zerbait, irrigarria da; eta gauzen lotsagarritasun eta irrigarritasunaren nozioa, dirudienez, zuzena da.

Baina nola erabiliko dugu nozio hori?

Zeren, bera oker erabiltzea ez al da irrigarria izango?

Edo lotsa zaitez! oihukatzen duenak ez al du aitortuko lotsarik beregan?

Ez al da bera sekula gorritzen, ez al da aztoratuta agertzen?

Baiezkoa bada erantzuna, kasu honetan penaz eta beldurraz bereizten da.

Berak sentitzen duen nahasketa berez lotsagarria eta gorrotagarria denaren sentipenetik datorkio, ez kaltegarria edo arriskutsua denaren ondorioz.

Zeren munduko arriskurik handienak ezin du lotsa sorrarazi, eta mundu guztiaren iritziak ezin gaitu horretara behartu, gure iritzia ez badator horrekin bat.